• Facebook
  • Twitter
  • youtube
Home > Eusko Jaurlaritzako Izapideak -> Fundazioen diru-gastuen gida > Fundazioaren patronatua

Fundazioaren patronatua

Fundazioaren patronatua fundazio guztietan egon behar den gobernu eta ordezkaritza organoa da. Fundazioaren helburuak bete behar ditu , eta baita bere ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak behar bezala kudeatu ere.

Patronatuak gehiengoz hartuko ditu erabakiak, estatutuetan ezarritako baldintzen arabera.

Patronatua gutxienez hiru kidek osatuko dute, eta beraien artetik lehendakaria aukeratuko da, fundazioaren ordezkaritza egikarituko duena. Halaber, gobernu organoak idazkari bat izendatuko du, bere kideen artean edo ez. Patronatuko kide bada hitza eta botoa edukiko du; eta kanpokoa bada, ordea, hitza besterik ez du izango. Bestalde, idazkariak bilera aktak egingo ditu, fundazioaren dokumentuak zaindu eta patronatuaren erabakiak ziurtatuko ditu lehendakariaren oniritziarekin.

Patronoak izendapena onartu ondoren hasiko dira beraien kargua egikaritzen. Onarpena notario-eskritura bidez, sinadura legeztatuta duten dokumentu pribatu bidez edo Fundazioen Erregistroko arduradunaren aurrean gauzatuko da.

Patronoen kargu-uztea honako kasuotan gertatuko da:

  • Heriotza edo heriotza-deklarazioa.
  • Ezgaitasuna, gaitasungabetzea edo bateraezintasuna.
  • Ordezkari leial baten arretarekin kargua ez betetzea.
  • Agintaldia bukatzea.
  • Karguari uko egitea.
  • Estatutuetan arautzen diren arrazoiak.
  • Ebazpen judizial irmoa.


Gobernu organoko kideen izendapena, kargu uztea eta ordezkapena Fundazioen Erregistroan inskribatuko dira, bai notario-eskritura bidez, bai sinadurak legeztatuta dituen dokumentu pribatu bidez.

Eskuordetzak edo ahalordetzak ematea edo kentzea

Patronatuak bere eskumenak patronatuko kide bati edo gehiagori eskuordetu ahal izango dizkio, beti ere, fundazioaren estatutuetan honetarako debekurik ezartzen ez bada behintzat. Ezingo dira eskuordetu honako eskumenak: urteko kontuen eta aurrekontuaren onarpena; estatutuen aldaketa; fundazioaren bategitea, desegitea eta likidazioa; eta Babeslaritzaren baimena behar duten egintzak.

Eskuordetzeak eta ahalordetzak emateko edo kentzeko akordioak notario-eskrituran oinarrituz inskribatuko dira.

Horretarako, gobernu organoaren erabakiaren ziurtagiria jasoko duen notario eskrituraren bi kopia baimendu aurkeztu beharko dira.